Maiatzaren lehena

Araotz bizi-arrora, non huntza, zuntz optikozko kableekin elkartzen den, biztanle berri bat iritsi zen maiatzaren lehenean: Zunbeltz. Hiritik lehorreratu berritan, bidaiaren nekea aurpegian oraindik, bertako bizilagunik adierazgarrienetako batek, Anak, harrera egin zion, irribarrez: «Ongi etorri Araotzera, Zunbeltz! Zorionez, Maiatzaren leheneko zuhaitzaren ospakizun handirako iritsi zara».

Ana, une bakoitza azkena balitz bezala bizi izan duenaren grinez, etorri berriari ikustear zegoen tradizioa azaltzen hasi zitzaion. «Ikusiko duzu, urtero, maiatzaren lehenean biltzen gara Maiatzeko Zuhaitza altxatzeko; kapitalismoaren kateen aurkako udaberriaren, oparotasunaren, eta, batez ere, langileen etengabeko borrokaren sinbolo da.»

Zunbeltz adi-adi zegoen entzuten, «Bezperan, Errizoma Taldeak deitutako batzarrean adostu dugu zein izango den zuhaitzaren gailurrean nagusi izango den ikurra; bigarrenik, komunitateari egindako ekarpenengatik, ohoratua izango den pertsona hautatu dugu eta bigarren bandera jartzeko aukera izango du.»

«Demokrazia biziko ekintza bat da, non, herritar bakoitzak bere ahotsa duen, eta proposamen bakoitza talde osoan eztabaidatu eta adosten den. Bestalde, eta oso gutxi badira ere, zuhaitzean zintzilikatu ezin daitezkeen ikurrak ere adosten ditugu denon artean», jarraitu zuen Anak. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, plaza banderak, zapiak eta zintak eskuetan zituzten jendez betetzen hasi zen.

«Egunsentian, asanbladan aukeratutako Zuhaitzaren Talde berriak, musikaz eta ekimenera batu nahi duten guztiez lagunduta, basoko zuhaitza aukeratzen dugu eta plazara ekartzen dugu jendeak bere sinboloak zintzilika ditzan. Ordena honetan egiten dugu zintzilikatzea: adostutako banderatik hasi, ohoratutako pertsonak jarri nahi duena dator gero, herriko taldeen eta kooperatiben aldarrikapenak datoz ondoren eta norbanako eta bisitarien zintak jartzen dira azkenean. Gainera, bakoitzak zapalkuntzaren aurkako bere marka jartzen du zuhaitzean.»

Zunbeltzek, Anaren grinak eta biltzen hasia zen jendetzak eraginda, jakin-minez, «Eta gero?» galdetu zuen. Anak, «Gure itxaropenak eta borrokak zuhaitzean zintzilikatu ondoren, zuhaitza altxa eta mobilizazioak hasten dira. Mobilizazioetan gehien aipatzen diren gaiak zuhaitzean agertzen direnak izan ohi dira. Egiten diren ekintzak, batzuk sinbolikoak badira ere, aldarrikapen horiekin lotura dutenak izaten dira. Festaz beteriko eguna da, baina baita aldarrikapenez ere. Azken urteetan bailarako, eskualdeko edo herrialdeko hiriburura joaten gara goizeko mobilizazioetara eta, bertara, adostutako banderaren kopia bat ere eraman ohi dugu, bertan altxatuko den zuhaitzean jartzeko.»

Anak, irribarrez, «Gurekin bat egingo duzu? Tori, nahi duzu bat? Bisitariek kolorezko zinta bat jarri dezakezue zuhaitzean» eta xingola pare bat eskaini zion Zunbeltzi. «Hemen, zure ahotsa eta eskuak beste edozeinenak bezain garrantzitsuak dira, eta zinta bakoitzari, norberak ematen dio esanahia, baina badute nolabaiteko adiera zabalagoa ere; orain arte berdea eta gorria aukeratu izan dute gehienek, baina azken aldian morea ere asko ikusten hasiak gara, bereziki emakume gazteen artean. Kolore nahasketak ere egiten ditu jendeak, hainbatekin txirikordak eginez».

«Besoan duzun horrek adibidez?» galdetu zuen Zunbeltzek. Anak erantzun «Kolore horrek erresistentzia, elkartasuna eta emakumeak berdintasunez eta errespetuz tratatuko dituen mundu baten bilaketa irudikatzen du. Gainera, sormena, aniztasuna, duintasuna, determinazioa eta iraunkortasuna sinbolizatzen ditu pertsona guztientzako mundu bidezkoago baten bilatze horretan, haien generoa alde batera utzita. Horrekin batera, kearekin ere harremana du honek guztiak, isildutako mila borrokengatik, baina baita urteetan hainbat emakumek egindako isilpeko borrokengatik ere.»

«Berdea edo gorria ditut zuri emateko soilik barkatu, besteak han dituzu plazako mahai horretan; zure esku dago aukeraketa. Bi hauen esanahia hau da: berdeak lurrarekiko harremana eta lurretik hazten dena erakusten du; gorriak, berriz, beste pertsona batzuekiko harremana eta haien artean isuritako odola. Berdeak bizitza eta lan bizigarria islatzen ditu. Gorria gehiegizko eta alferrikako lanek eragindako heriotzaren adierazgarri da. Berdea jabetze naturalaren erakusgarri da; gorria, aldiz, desjabetze soziala. Berdea hazkuntza eta zaintza da, gorria proletarizazioa eta alienazioa. Berdea desioaren sorkuntza da; gorria klaseen arteko borroka. Zozoa eta satorra. Zuhaitza eta Errizoma. Maiatzaren lehena biak dira, denak dira, borroka guztien lotura». Zunbeltzek anfitrioiak eskainitako zintak hartu eta bien txirikorda egin zuen orduan.

«Arratsaldean, herrietako mobilizazioen ostean, musikak elkartzen gaitu erresistentzia-dantza batean, maiatza gauerdia iritsi arte. Zerbait zintzilikatu zutenek jaso egin behar dute, bestela, Zuhaitza Taldea, orain Errizoma Talde bihurtuta, arduratuko da horretaz. Gehienek jasotzen dituzte, baina beti dago norbait…», azaldu zuen Anak.

Zunbeltz harrituta. «Eta zuhaitzari, zer gertatzen zaio?» Anak, «Basora itzultzen dugu, bizitza hazteko eta berritzeko, gure borroka urtero berritzen den bezala. ‘Oparotasuna denontzat!’ oihu batekin amaitzen dugu gaua; beno “amaitu”, ulertzen didazu».

Bizi izandakoaren izpirituak urte batez iraungo zuen, erresistentzia eta komunitatea elikatuz hurrengo maiatzaren lehenera arte. Zunbeltzek, oraindik jasotako zinta eskuetan, Araotzen etxe berri bat aurkitzeaz gain, asmo berri bat ere aurkitu zuen maiatzeko zuhaitzean, udaberriak eta iraultzak bat egiten zuten zeru zabalaren azpian.

Maiatzaren lehena baieztapena da, bizitzarekiko maitasuna eta udaberriaren hasiera; beraz, esplotazio, zapalkuntza, miseria eta lan nekagarriko sistema kapitalistaren amaieraren hasiera izan behar du. Baieztapenaz gain, maiatzaren lehenean salaketa beharrezkoa da: kapitalismoa, patriarkatua, homofobia, nagusitasun zuria, gerra salatu behar dira.

*Inspirazio iturri garrantzitsua: Linebaugh, P. (2020). La incompleta, verdadera, auténtica y maravillosa historia del primero de mayo. Katakrak liburuak.